Naipera

Eskobaren arauak

Nola jokatzen den eskoban (15ekoan) sorta espainiarrarekin: karta bakoitzak zenbat balio duen, nola jasotzen den 15 eginez, zer den eskoba bat eta nola zenbatzen diren puntuak erronda bakoitzaren amaieran.

Jokatu eskoban doan

Eskoba 40 kartako sorta espainiarrarekin jokatzen da, 2tik 4ra jokalari, bakoitza bere kabuz. Helburua da mahaiko kartak eramatea, 15 eginez. Inoiz jokatu ez baduzu, hasi «Jokatzen ikasi» ataletik.

Karta bakoitzak zenbat balio duen

Batekotik zazpikora, adierazten dutena (1etik 7ra).
Sota 8, zaldia 9 eta erregea 10.

Nola jokatzen den

  1. Banatzen dira 3 karta bakoitzari eta mahaian jartzen dira 4 ahoz gora. Lau horiek 15 egiten badute, banatzen duenaren eskoba dira (bi eskoba, 15eko bi taldetan bana badaitezke).
  2. Txandaka, bakoitzak karta bat botatzen du. Harekin eta mahaiko batekin edo gehiagorekin 15 egiten bada, bere pilara eramaten ditu. Bestela, karta mahaian geratzen da. Jasotzea ez da derrigorrezkoa.
  3. Eramaten baduzu mahaian dagoen guztia, hori da eskoba: puntu bat.
  4. Inork kartarik ez duenean, beste 3 ematen zaizkio bakoitzari (mahaiari ez) sorta amaitu arte.
  5. Amaieran, mahaian geratzen dena azkenekoz jaso zuenarentzat da (ez da eskobatzat hartzen).
Errege batekin (10)…
…bosteko bat eramaten duzu
…edo biko bat eta hiruko bat

Txandaka eskuinera jokatzen da, musean eta tutean bezala. Eskua aldatzen joaten da: erronda bakoitzean hurrengoak banatzen du.

Puntuak

Erronda bakoitzaren amaieran, bakoitzak bere pilan duena zenbatzen da:

  • Eskoba bakoitza: puntu 1.
  • Urreetako zazpikoa («velo»a): puntu 1.
  • Karta gehien: puntu 1.
  • Urre gehien: puntu 1.
  • Zazpiko gehien: puntu 1.

Bik kartetan, urreetan edo zazpikoetan berdinketa egiten badute, puntu hori ez da inorena. Partida 15, 21 edo 31 puntura da (hasieran aukeratzen da). Erronda baten amaieran norbait iristen denean, gehien duenak irabazten du; goian berdinketa badago, beste erronda bat jokatzen da.

Naiperan

  • Bakoitza bere kabuz jokatzen da, laurekin ere bai. Bikoteak geroago etorriko dira.
  • Ez dago punturik «setenta»gatik, ezta urre guztiak edo zazpiko guztiak izateagatik ere.

Iturriak

Etxe bakoitzak bere erara jokatzen du. Banaketa, balioak eta banatzean egindako eskoba hemendik hartu ditugu: Buenos Airesko probintziako Jokoen araudia; puntuak, berriz, Espainian kontatzen diren bezala (zazpiko gehien «setenta»ren ordez), hemen bezala: El Español.

Ohiko galderak

Zenbat balio dute irudiek eskoban?

Sotak 8 balio du, zaldiak 9 eta erregeak 10. Batekotik zazpikora, adierazten dutena.

Zer da eskoba bat?

Mahaiko karta guztiak batera eramatea, zurearekin 15 eginez. Eskoba bakoitzak puntu bat balio du.

Zer da «velo»a?

Urreetako zazpikoa. Erronda amaitzean bere pilan duenak puntu bat batzen du.

Norentzat dira amaieran mahaian geratzen diren kartak?

Azkenekoz jaso zuenarentzat. Ez dira eskobatzat hartzen.

Jokatu eskoban doan